HERRIARTEKO TXAPELKETAREN FINALEN ATZERAPENA

Nafarroako Herriarteko Txapelketako finalak atzeratu egin dira datarik gabe, maila absolutuan, Larraungo eta Iruņeko taldeen arteko finalerdian bidegabeko hamaikakoagatik espedientea irmo ebazteko zain
Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako (FNPV) Zuzendaritza Batzordeak, 2023ko ekainaren 28an bildurik, erabaki du uztailaren 1erako programatuak ziren Nafarroako Herriarteko Txapelketaren finalak, kategoria absolutuan (kadeteak, gazteak eta seniorrak) datarik gabe atzeratzea. Lehiaketa Epaile Bakarrak 2023-06-5-01 espedienteari buruzko ebazpena jakin ondoren hartu da erabakia.
Aurkeztutako idazkian, Lehiaketa Epaile Bakarrak onartu egin du Larraungo taldeak jarritako erreklamazioa, finalerdia jokatu zen bitartean Iruñeko pilotari seniorretako bat behar ez bezala zerrendan sartzeagatik, eta ondorioztatu du pilotari horrek ez dituela betetzen Txapelketari buruzko Araudiaren 4. artikuluko 4.1 atalean, “Pilotarien parte-hartzea” izenekoan, jasotako baldintzak.
Hala, Lehiaketako Epaile Bakarrak dio erreklamazioa oinarriturik dagoela, eta, ondorioz, finalaurreko partida balio gabe utzi du, eta Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzari eskatu dio partida errepikatzeko tokia, eguna eta ordua izenda ditzala, pilotari arau-hauslearen lehiatzerik gabe. Ebazpen horren aurka errekurtsoa aurkeztu eta formaliza daiteke Nafarroako Euskal Federakuntzako Apelazio-Epailearengana.
Prozesuak irekita jarraitzen duenez eta kirol-justiziak behin betiko irizpena noiz emango zain, Zuzendaritza Batzordeak egoki irizten dio Nafarroako Herriarteko Txapelketaren final absolutuak atzeratzea, horrela lehiaketa behar bezala garatuko dela eta parte hartzen duten talde guztien eskubideak bermatuko direla.
Era berean, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeak erabat deitoratzen du giza akatsen eta akats materialen segida batek ezohiko egoera horretan sor dezakeen kaltea. Gertaeren aurrean, Zuzendaritza Batzordeak egiaztatze-metodoak indartzeko konpromisoa hartu du, eta hurrengo edizioetan parte hartuko duten talde guztiei eskatzen diegu gehiengo zabal batek adostutako araudi batean jasotako eskakizunak betetzeko erantzukizuna ere har dezatela.
Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako Zuzendaritza Batzordeak Herriarteko Txapelketa babestu nahi du, gure kirolari askoren egutegian eta gogoetan hain errotua dagoena. Hala erakutsi dugu 2022an birsortu zenetik, eta lehiaketa horren ospea berreskuratu dugu araudi berri bat onartuz, laguntza ekonomikoak bilatuz, komunikazio irisgarri eta erakargarri baten aldeko apustua eginez.
Hala ere, nahi ez den egoera horrek ez du eragotziko Herriarteko Txapelketako beheko kategorien finalak (benjamin, alebin eta infantilen kategoriakoak) uztailaren 1eko (11:00etan) goizean Labrit pilotalekuan egitea. Bertan, Bera eta Leitza elkarren aurka arituko dira txikienen emozioa pizten duen titulu batengatik, eta etorkizuneko itxaropenak bermatzen ditu.